XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izututa nengoen eta, era berean gure abatetxeari zerbait txarra gertatuko zitzaionaren bihozkada nuen baina hala ere, zentzugabeko pentsakizunok alde batera utzi eta nire buruak sortzen zituen asmakeriak baztertzea erabaki nuen.

Nire betiko eginkizunei ekin nien eta baita abateak agindutako testu baliotsu batzuk kopiatzeari ere.

Profezia hura ahaztu egin nuen beste behin, ekintza antzerako batek etortzear zegoen futuro beltz eta beldurgarriaren aurreikuspena baino ez zirela sinestarazi zidan unera arte.

Beren eskutan duten eskuizkribu hau irakurtzen dutenek igarriko diotenez, aurrerantzean ahal bezain objetiboa izaten saiatuko naiz nire deskribapenetan horrela, ahal dudan era zientifikoenean izaki arraro hauek zuei aurkezteko.

Aipatu ere egingo ditut zeren ezagunak ez direnez ez dakit nola izendatu.

Beno, ba lehenago esan bezala harrigarria iruditu zitzaidan zerbait gertatu zen.

Egun hartan eskoziar gizon batek, priorearen urrutiko lehengusu batek, bisitatzen gintuen.

Fray Heriberto, sukaldaria, konbidatua zela eta ez zela oso urduri zebilen eta oihanera joan eta perretxikuak batzeko eskatu zidan.

Ez da gure ingurune honetan ohizkoa baina kanpotarrari behar bezalako harrera eskaini asmoz eperrak ipini nahi zituen.

Pentsatuko duzuenez ez nuen ezetzik esan.

Tertzia ordua bukatu ondoren abatetxetik irten eta zelaietarantz zihoan bideari ekin nion.

Oihanera iritsi eta beharrezkoak zirenak biltzen hasi nintzen.

Nire otartxoa erdi betea neukan unean, onddoz beteriko zelai batera iritsi nintzen.

Bat-batean emakume hasperen bat entzun nuen.

Nire inguruari arretaz begiratu nion eta orduantxe begiztatu nuen bigarren fenomenoa.

Bezpaina deitu diot.

Bezpaina, nik ikusi nuen motak osatzen duen onddo sendia da.

Perretxiko hark sei atz zituen alturan eta bere txapelak bost bat atzetako diametroa zuen.

Hanka nahikoa estua zen, hatz bateko zabalera zuen gutxi gora-behera, baina luzea zen eta ondorioz txapela zapaldu egiten zitzaion.

Aipatu txapela emakume ezpain handi batzuk osatzen zuten eta beren gainaldean betile ilundun begi ñabarrak zeuden.

Hanka, hiru koloreko barra batek osatzen zuen: behealdea urdin anila zen, erdialdea urre kolorekoa eta goikoa gorri-gorria.

Beren zabaleraren arabera ordenatuta zeuden eta zabalena gorria zenez goialdean geratzen zen.

Perretxiko hau ikusi nuenean sentitu nuen harridura gainditu eta harrapatzera joan nintzen.

Agerkunde hauetatik guztietatik harreman fisikoa izan nuen aldi bakarra izan zen hau.

Onddo arrunt batekin egingo nukeen eran, behealdetik, gorri kolorea zeukan aldetik oratu nion eta atzamarrak margotu zizkidan.

Une horretan, txapela osatzen zuten ezpain erraldoiak ireki eta hitz hauek atera ziren beraietatik: